XIBEROA ZINEZ 2019 HEBENTIK elkartea
Poeta eta laborari, nolako lürra, halako hitza...
Marcela Delpastre, Xalbador eta Etxahun
Nork erranen züan gure Xalbador eta Etxahunek ezagütüko züela Limousineko emazte poeta laborari bat, MARCELA DELPASTRE (1925-1998), XXI. mentean !
Xiberoan izan da, Xiberoa Zinez, Maulen eta Gameren Domesantore alte hortan, aroa düdan zenean üdan baratü edo negüalat jauzi. Hilen egünak ziren, bena haien hitza sekülan beno biziago ziren. Bai Euskal Herrian, non ere kantatzen beitütügü "goizean argi hastean", "nigarra begian" izanik ere, bena xaramelatzen, bai eta ere Limousin herrialde hartan, Okzitaniaren ipar mugan. Han trobadoreak zeuden XII. gerren mentetik, eta egundano haien hitz eta aireak ahoz aho, pergamino, paperetan ere heltü dira. Bena ederrena zaikü, XX. menteko desastre hura igaranik haien kultura eta mintzajearentako, hor direla trobadore berri zabaltzaleak! JAN DAU MELHAU lekuko, Gamereko ostatüan, Delpastreren hitzak erraiten, kantatzen, emazte horren bizia kartsüki aipatzen. Xiberoko xaramelariak ere kabaret hortan parte ziren: Sacha Lakarriko laboraria, Hor hor taldea (hau sürprisa) eta Gotaineko aize epailea. Gurekin günüan emazte hura, filmaz, bere egünoroztako bizian, karnet eta estiloa sakolan, gorotz eskarpitzen, xahalak maitasunez artatzen eta aipatzen. "L'aubre vielh", zühain zaharra, eta "Parolas" filmak. Karnet eta kaier horietan haatik hogeita hamabost libürüren pasta bazen (!), gaur heben dügün Melhau honen esküetara heltü beitira. Honek irakurri, berriz irakurri, kopiatu, eta azkenik argitaratü, hogei urteetako lana!
Mezperan zinema ere, aldi hontan XALBADOR, IZENA ETA IZANA Dorronsororen dokümental honkigarria, Xiberoan erakutsi gabe orano. Hor ere gure Xalbador Delpastre anderearen ondoan zen, "A FLEUR DE VIE" Patrick Cazals-en film ederraren bidez. Bi pertsona desbardin, bena ber sabeleko mina, ber dohaina lür hontako gora behera, eta beheragoen hitzez agertzeko. Argi üzten dü poetak zühainak direla lür eta ortziren artean, eta haietarik igaraiten direla grazia eta zoritxar guziak, "l'aubre vielh" hor ere!
Eta biharamenan, Urepeleko artzainak Iruriko Etxahunekin züan hitzordüa, Maulen, merkatü ondoan, bada lekü txarragorik bi plaza gizonentzat! Lehenik Maite Barnetxeren elkarrizketa bat Etxahuni, 1973.urtekoa, eta gero mintzaldia, Xiberoko gisala, kantorez josia! Gure bi artzainak hor ziren, hau parea, eta bien harremana hitzez beno haratagokoa zela ohartü ginen: Mixel (Xalbador) eta Allandu (Etxahun), bi seme adiskideak hor ziren konta-kantari! Gazte gaztea zenetik Mixel artzain pertsularia negüko bazketan bazabilan Xiberoan, eta Etxahunean prefosta! Hitzak bizi biziak, Mixel Arotze, "Lüximena" Etxekopar, bai eta beste Lüxi, Maika eta Beñat gazteen bihotzeko botzean! Ürrentzeko bertsuak publikoarekin xaramelatü ziren, zubi sentoa erakutsiz gure bi euskal trobadoreen artean...
HEBENTIK elkartea zen sü pizlea, bi urte oroz bezala eginez bere zinemaldi(tto)a. Hori güzia ikusteko, heben, Hebentik, gauden lekutik, lürra dela ageri, bere osotarzünean, balinbadakigü "l'aubre vielh" delako horri paratzen, izan dadin heben edo Limousinen:
"Lürrik gabeko lürra.... lürra ote da orano, memoriarik ez badüt?" dio Delpastrek.
Mixel ETXEKOPAR